Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Sopelako ikastetxeetako ikasleek surf ikastaroak jasoko dituzte hurrengo ikasturtean

Sopelako ikastetxeetako ikasleek surf ikastaroak jasoko dituzte hurrengo ikasturtean

Sopelako Udalak eta Peña Txuri Elkarteak sinatutako hitzarmenari esker, Iberre, Zipiriñe eta Ander Deuna Ikastolako ikasleek hiru eguneko ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute hurrengo ikasturtean.

Iberre, Zipiriñe eta Ander Deuna Ikastolako umeek surfa gertutik ezagutzeko aukera izango dute hurrengo ikasturtean. Izan ere, Sopelako Udalak eta Peña Txuri Surf eskolak sinatutako hitzarmenean jasotzen den legez, hiru ikastetxeetako ikasleek surf ikastaroak jasoko dituzte hurrengo ikasturtean, surfa eskola-curriculumean barneratuz.

Horrela, surfaren nondik norakoak ezagutuko dituzte, surf-oholekin lehenengo urratsak ematen dituzten bitartean. Gainera, surfa egiteaz gain, ingurumena zaintzen ikasteko tailerrak egingo dituzte: hondakinen sailkapena, hondartzen babesa e.a.

Ekainean, hiru ikastetxeetako ikasleek egun bateko ikastaroa egin zuten proba modura, eta eguraldiak lar lagundu ez bazuen ere, partehartzaileek oso balorazio positiboa egin zuten, eta 150 ume baino gehiago elkartu ziren.

Hurrengo ikasturteari begira, beraz, Ander Deuna eta Iberreko DBHko ikasleek hiru eguneko ikastaroa egingo dute, ekainean. Zipiriñeko LHko ikasleek, euren aldetik, irailean egingo dute ikastaroa.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia