Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Sopelako Udalak 70.000 euro inguru inbertitu ditu Zipiriñeko ikasleen segurtasuna bermatzeko

Sopelako Udalak 70.000 euro inguru inbertitu ditu Zipiriñeko ikasleen segurtasuna bermatzeko

  • Udalak neurri desberdinetako bi karpa jarriko ditu. Horietako bat, handiena (20x40 metrokoa), patioan kokatuko da, eta ikastetxera sartu aurretik ikasleei tenperatura hartzeko balioko du, modu mailakatuan eta modu seguruagoan sar daitezen.
  • Bigarren karpa (15x20 metrokoa) gimnasio edo aire zabaleko kirola egiteko espazio gisa erabiliko da; izan ere, egungo gimnasioa jangela gisa erabiliko baita, ikastetxeak jantoki-zerbitzua emateko dagozkion segurtasun-neurriak bete ditzan. Bi karpek ikastaroa amaitu arte funtzionatuko dute.

2020-2021 ikasturtearen hasieran, joan den abuztuaren 26an, EUDELek (Euskadiko Udalen Elkartea/Asociación de Municipios Vascos) gutun bat bidali zien EAEko udal guztiei, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko eskolatzea bermatzeko eta ikasleak osasun-neurriak betez behar bezala birkokatu ahal izateko udal espazio publikoak identifikatzen laguntzeko toki-erakundeei egiten zien eskaeraren berri emateko.

Ikasturte berria behar bezala garatzen laguntzeko eta Hezkuntza Sailak eskatzen dituen osasun-baldintzak betetzeko, Sopelako Udalak 70.000 euro inguru inbertitu ditu Zipiriñe Ikastetxe Publikoan bi karpa jartzeko. Horrela, haur eta nerabeen aurrez aurreko eskolatzea ez ezik, ikastetxeko ikasleen eta langileen segurtasuna ere bermatuko da.

Hainbat kokaleku aztertu ondoren, eta udalerriaren erdigunean udal espazio publiko egokirik ez dagoenez, Udalak Zipiriñen bi karpa jartzea erabaki du.

Lehenengoa (20x40 metrokoa) ikastetxeko patioan jarriko da, eta horretarako 40.000 euro inbertitu dira. Bere helburu nagusia ikasleen sarrera eta irteera antolatzeko egokitutako gune bat izatea da, horrela ikastetxearen inguruan gerta daitezkeen pilaketak edo itxaronaldiak saihesteko. Eremu honek norabide-seinaleak izango ditu lurrean, eta mantendu beharreko distantziak gogoraraziko dituzte. Ikasleei ikastetxera sartu aurretik tenperatura hartzeko eta modu mailakatuan eta modu seguruagoan sartu ahal izateko balioko du. Era berean, eguneko gainerako orduetan, eta batez ere klimatologiak laguntzen ez badu, gune estali hau aisialdirako gune gisa ere erabili ahal izango da ikasturte osoan.

Bestalde, bigarren karpa (15x20 metrokoa) zabuen ondoan jarriko da. Kasu honetan, Udalak 30.000 euro inguru bideratu ditu lehenengo eta behin lurra egokitzeko, tarima bat jartzeko eta ondoren karpa eraikitzeko. Bigarren eremu hau gimnasio edo aire zabaleko kirola egiteko espazio gisa erabiliko da; izan ere, egungo gimnasioa jantoki gisa erabiliko baita, ikastetxeak osasun-agintariek jantoki-zerbitzua emateko eskatzen dituzten segurtasun-neurriak bete ditzan.

Bi karpak 2020-2021 ikasturtearen amaierara arte funtzionatuko dute.

 

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia