'Sopela sopelasean' euskarazko hitzaldi zikloa abiatuko da

Sopeloztarrek hilero hitzaldi bat euskaraz jasotzeko aukera izango dute aurrerantzean, Sopelako Udalak abiatu duen 'Sopela solasean' hitzaldi zikloaren baitan.

Sopelako Udala

Euskara sustatuz

Sopelako Udalak martxan jarri du ‘Sopela solasean’ hitzaldi zikloa. Ekimen berri honi esker, hilabetero, euskaraz eskainitako hitzaldi bategaz gozatzeko aukera izango dugu.
Lehen saioa maiatzaren 23an ospatuko da, osteguna, 19:00etatik aurrera Kurtzio Kultur Etxean. Hitzaldiaren izenburua “Euskararen motibazioak eta jarrerak” izango da, “Eta Kitto!” elkartearen eskutik, eta batik bat gurasoei eta umeekin lan egiten duten lagunei zuzenduta egongo da.
Bertan, honako galderei erantzunak bilatzen saiatuko dira: "Gure umeek zergatik ez dute euskara erabiltzen? Helduok gaitasuna badaukagu, zergatik ez dugu egiten? Zergatik da horren garrantzitsua gurasoen eredua? Euskaraz jakin barik ere, zergatik da garrantzitsua jarrera positiboa erakustea?". Hitzaldiaren helburua euskararekiko motibazioa indartzea izango da.


Pako Aristiren hitzaldia
Bestalde, maiatzaren 30ean beste hitzaldi interesgarri bat izango dugu Kurtzio Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Pako Aristi idazle eta kazetari ezaguna izango da gonbidatua, eta “Euskara, hizkuntza bat bere bakardadean” solasaldia eskainiko digu.
Aristik azalduko duen legez, "bi hizkuntza hegemonikoen erdian, menpeko hizkuntza baten egoera petrala bizi du egun euskarak. Normalizazioaren etiketaz mozorroturiko anti-politika baten ondorioz, piramide sozialean desagertzen ari da, eta laster kaletik ere bai. Botere politiko propiorik gabe euskara ad eternam izango da mendeko hizkuntza, hizkuntza morroitua, sinbolikoa bere hutsean, fosil bihurtzeko bidean".