Sopelak kirolaren baloreak sustatzeko online eskola bat bultzatuko du

 

 

Kirolak sentimendu eta emozio asko sortzen ditu, eta eragin zuzena du pertsonen jarrera eta portaeretan, transmititzen dituen baloreen bidez: gainditzea, sakrifizioa, berdintasuna, errespetua, kiroltasuna, elkartasuna eta adiskidetasuna, besteak beste.

Zentzu honetan, Ugeraga Kirol Elkarteak kirol baloreetan trebatzeko erreferentziazko kluba izan nahi du Bizkaian, eta horretarako, online prestakuntzan espezializatutako FIT Learning Systems S.L enpresari esker, eta Sopelako Udalarekin lankidetzan, "Ugeraga Futbol Eskola" ekimena jarri du abian. Online eskola bat da, kirolaren baloreak sustatzea duena helburu.

FIT Learning Systems S.L enpresa arduratuko da mugikorretik edo ordenagailutik ikusi ahal izango diren bideo bilduma bat sortu eta zabaltzeaz, gero partidetara joatean eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko. Eduki horiek jaso nahi dituzten pertsonek bere posta elektronikoa eman besterik ez dute egin behar, plataforma birtualean sartzeko.

Ikus-entzunezko eduki horiek Ugeraga Kirol Elkartea inguratzen duen masa sozial osoari zuzenduta daude: Zuzendaritza Batzordea, teknikarien kidegoa, jokalariak, gurasoak, bazkideak, sopeloztarrak gehienak. "Bizkaiko eskola kirolean erreferente izan nahi dugu, ez bakarrik klub bezala, baita herri bezala ere. Kirolariez gain, pertsonak ere prestatu nahi ditugu", adierazi dute kirol elkartetik.

Bestalde, Josu Landaluze Sopelako alkateak azpimarratu duenez, "Kirolak gizarte mailan duen presentzia garrantzitsuaz jabetu behar gara, baita baloreak transmititzeko eragile gisa izan dezakeen eraginaz ere. Horregatik, uste dugu ekimen hau oso egokiadela, kirolaren eta hezkuntzaren arteko harremana sustatzen baitu. Beharrezkoa da kirol-garapena ez ezik, garapen pertsonala eta hezitzailea ere lantzea, ingurune inklusiboak eta errespetuzkoak sortzeko, gizarte gisa aurrera egin ahal izateko".

Eskola honek, online edukien bidez, berdintasunean, indarkeriaren prebentzioan, lehen laguntzetan, teknologien erabileran, kirola eta desgaitasunean… oinarritutako baloreei eta gaitasunei buruzko prestakuntzetarako doako sarbidea eskainiko du.

Lehen hiruhileko honetan landuko den lehenengo gaia "Indarkeriaren prebentzioa kirolean" izango da. Inaugurazio ikastaro honekin, kirol elkarteak bere ekarpena egin nahi du, kirolaren munduan hainbesteko eragina duen indarkeriaren gaitza desagerrarazteko. Bereziki kirol hezitzaileei zuzenduta, kirolean indarkeria prebenitzeko oinarriei, jarduteko jarraibideei eta tresnei buruzko informazioa emango da.